HAUR HEZKUNTZA
Ni-a eraikitzen eta mundura egiten
Gure metodologia eta antolaketak, ikas espazio edo ekosistemetako ateak erabat zabaltzea dakar, espazio batetik batesterako zirkulazio bideak irekitzea eta ondorioz, haurraren interes, behar eta hautuei aukera ematea.
Elkarrekin eta elkarrengandik, kooperatuz ikasteko bideak sortzen dira: batzuetan besteen ereduak behatuz eta imitatuz, beste zenbaitetan, kideen eredu izanaz. Honela, oinarrizko diren elkarrekiko errespetua, kooperazio eta lankidetza, elkarrekiko zaintza eta talde lana,…landuko dira besteak beste.
Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten du
EKOSISTEMA HEZITZAILE ETA ANITZAK
Gure Ekosistemak antolatzerakoan haurraren erritmo, interes eta beharrizan desberdinak errespetatzen dira eta barru nahiz kanpoko espazio anitz eta zainduak (errealak eta naturalak) eskaintzen dizkiogu. Horretarako, hezitzaileok elkarlanean, printzipio horiei erantzuteko ekosistemak diseinatzen ditugu.
Haurrak, bestearekin edota bakarka esperimentatzeko, manipulatzeko, ikertzeko eta ondorioak ateratzeko aukera izango du. Bere interesetatik abiatu eta jakin minari erantzunez erronka berriei ekingo die, bere gaitasunak eta mugak ezagutuz eta bere NIA eraikitzen jarrituz.
Hezitzaileak eta familiEn arteko harremana
Haurraren autonomia lortzen laguntzea eta haren ahalmenak garatzea dira bien ala bien helburu. Funtsezkoa da elkarrekiko konfiantza eta onarpeneko harremanak eraikitzea, honela, hezkuntzarekiko erantzukizunak partekatu eta haurraren oinarrizko beharrizan hauek asetzeko: beharrizan fisiologikoak, lotura afektibo egonkorrak eta garapenerako ingurune pizgarriak. Horregatik, eskola eta familia beti elkarrekin aritzen gara.
MUGIMENDU AUTONOMOA HH-n
Haurrak, jarduera motorearen bidez eta inguruarekin harremanetan, bere nortasun propioa eraikitzen du. Bere ideiak eta emozioak azaltzen ditu. Gorputz mugimenduak doituz eta gorputza baliabide gisa erabiliz egiten du bere ikaskuntza prozesua.
ARTEA
Sentitu-bizi, esperiementatu, sortu eta adierazi
Material askotarikoak arakatu eta sormenerako eta adierazpenerako erabiliaz, mundua ezagutzeko, ulertzeko, interpretatzeko eta balioesteko bidea egingo du haurrak. Artea balioesteko, arteaz gozatzeko eta artea adierazpide moduan garatzeko trebetasunak eta lengoaia eskuratzea da helburua ekosistema honetan. Horretarako, adierazpen teknika oinarrizkoak erabiliko dira, abesti eta dantza bezalako adierazpenak landuko dira eta baita gure eta beste herrialdeetako eredu artistiko eta kulturalak ere.
HIZKUNTZA
Komunikatu, harremandu eta portaera erregulatu
Norberaren baitako eta kanpoko munduaren arteko lotura egiten du hizkuntzak; izan ere, haren bidez, errealitatea adierazten da, portaerak erregulatzen dira, hartu-emanak izaten dira eta munduaren jabe egiten da. Ekosistema honetan, literaturaren adierazpenak gerturatuko zaizkio haurrari, bizipen gozagarriak izan ditzan. Irakurketa eta idazketa modu adierazkor eta funtzionalean erabiltzeko aukera izango du haurrak hezitzaileen laguntzarekin, eta horrela, irakurtzeko eta idazteko sistemaren ezaugarri eta arau batzuk ikasten hasiko da.
MATEMATIKA
Manipulaziotik, kontzeptualizaziora eta kode matematikoaz errealitatea interpretatzea.
Ekosistema honen xedea da matematika-jakintza erabiltzea, errealitatea ulertzeko eta interpretatzeko eta eguneroko bizitzako hainbat egoeratan sortzen diren arazoak ebazteko eta komunikatzeko.
Matematikaren eskutik, haurrak ingurune fisikoko elementuak aztertu, behatu, esploratu, ikertu eta identifikatu, antzekotasunak eta diferentziak hauteman, ordenatu eta sailkatuko ditu. Manipulaziotik abiatuz eta lengoia matematikoa aplikatuz, ingurunea adieraztera eta errepresentatzera iritsiko da. Pentsamendu matematikoa garatuz, berriz, munduari aurre egingo dio eta mundu berri bat sortzeko prest izango da.
ZIENTZIA
Pentsamendu eta metodo zientifikoa garatuz.
Hipotesietatik ebidentzietara.
Gorputza, ingurune naturalak eta hura osatzen duten izaki eta elementuek jakin-min eta interes handia pizten dute haurrarengan. Ingurune horietako elementuekin dituen bizipenak baliagarri izango dira haurrak, helduaren laguntzarekin, naturako fenomeno batzuk behatzeko, haien adierazpenez eta ondorioez ohartzeko eta pixkanaka izaki bizidunak ezagutzeko. Metodo zientifikoa aplikatzeak bere ingurune fisikoaz jabetzen lagunduko dio.